XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) erasiatu zuek eta errieta eman guk, bateko mustatxa eta besteko bibotea, zu beha zaude eta ni begira nago...

Horiek guztiak hizkuntza bat beraren hitzak dira.

Bakotxak bere hizkera, eta guztiok agirretarrak.

Denok haritz zahar bereko adarrak.

Mugaren bi aldeetan Ezkur Herria!

Labe handietako ahoa ematen du orain azkaindar pipazalearenak.

Bekozko jarri da, pentsakor.

Erne behatzen dio Metxak, eskola ikasi duela adieraziko dion konfesioaren zain.

Noizbait ere, ahapetik, aitortu behar izan du azkaindarrak:

- Beharba arrazoina duzu...

Zu bezalakoa niz...

- Noski, haritz bereko adarra!

- Pozak zoraturik dago Agirre'tar Nikola, agirretarra bera.

- Bai... -behakoa urrun emanik, ahots sakon batez mintzo da azkaindarra...

Uste dut ni ere españula nizala... !

Belarrondoko bat eman, pipa hankapean txikitu, txapela frontis gainetik bota... xamurregiak izango lirateke Nikolak hartu duen odol gorritua epeltzeko.

Alua...!

Metxak su hartzen duenean ez da gozo aldamenean.

Ezpainak dardar eta totelka gelditu zaio azkaindarrari buruz buru.

Eztanda egiteko arriskua du.

Haritz bereko zera jo zidak kaiku honek niri...!

- Hik... Hik...

Hoa Larhuneko puntarat torero traje baten erosterat!

Ukabilak estutu eta jiratu egin da.

Zango handitan sartu da tabernan.

- Kafe bat!

- Solo o cogtado? -galdegin dio tabernari begi urdinak.

Kakitzat, pentsatu du Metxa xaharrak.

Arraioa, galdetu behar zioat ilobari ze demontre egiten duten hemen...

Lekutan zegok Iparlandan agirretarren herria...!